Andra Mariko elizpetik merkatu zaharrera, merkatu zaharretik karpa erraldoira, karpa erraldoietik Landakora, eta Landakotik... Durango osora! Azoka zortzi gunez osatutako kultur ekimena bihurtu da, Durangoko herri osora zabaldu dena!

Plateruena Kafe Antzokia da espazio horietako bat. Kulturgune herritar hau Azokaren topaleku naturala da: standak bisitatu ostean lagunekin elkartu eta zeozer hartzeko, mokadutxo bat hartuz indarrak biltzeko, bilera informalak egiteko... eta Landako itxi eta gero, gorputzak irauten duen arte Azoka-gogoarekin jarraitzeko!

Aurten ere, Plateruenan kontzertu handiez gozatzeko aukera izango dugu gauero. Izen handiak, ibilbide luzekoak eta erakargarriak. Egitarau anitza eta borobila, abenduaren 4tik 8ra arte.

Lehenengo egunean, abenduaren 4an, proposamen oso berezia hartuko du Plateruenak. Bidehutsek antolatutako ikuskizuna izango da, eta gonbidatu ugari igoko dira oholtzara: Anari, Jupiter Jon, Sacco, Irazoki & lagunak, Audience eta Nire. Sarrera 10 euroan.

Hurrengo egunean, azken urteetan gazteen artean jarraitzaile ugari bildu dituen rock talde bat helduko da Plateruenera: Iheskide. Elorrioko taldeak "Garaitu ez gaituztelako" diska berria aurkeztuko du bertan. Sarrera 5 euroan.

Rock doinu bihurrietatik harpa doinu melodikoetara salto egingo dute abenduaren 6an. Egun horretan, Olatz Zugastiren "Ur goiena, ur barrena" lan berria ezagutu ahal izango dugu. Sarrera 10 euroan aldez aurretik, 12 euroan takillan.

Abenduaren 7a izango da seguruenik Platerueneko kontzertuen egunik potoloena. Aurkezpenik behar ez duen Esne Beltza taldeak kontzertua eskainiko du, "Gora go" biraren baitan, euren lan berria aurkeztuz. Sarrera 8 euroan aldez aurretik, 10 euroan takillan.

Azokari dantza eginez esango diogu "hurrengo urtera arte!". Korrontzi taldea izango da bere folk doinuekin agurra girotuko duena, abenduaren 8an, eta sarrera debalde izango da. Aldaka mugitzeko aitzakiarik ez, beraz!

Kontzertu guztiak 22:30etik aurrera izango dira, Korrontzirena salbu, 20:00etan izango baita. Sarrerak azaro erdialdetik aurrera salgai egongo dira www.plateruenasarrerak.eu webgunean eta tabernan bertan.

Urteurrena eta nobedadeak Plateruenan
Urteurrenez beteriko edizioa izango da aurtengoa Durangoko Azokan. Kulturaren plazak 50 urte beteko ditu, eta baita Gerediaga elkarteak ere. Eta efemerideez ari garela, Plateruena Kafe Antzokiak ere berea ospatuko du bihar, urriak 29, hamaika urte igaro baitira Durangoko kulturgune herritar hau jaio zela. Egun berezi hau ospatzeko, jaia antolatu dute antzokiko lagunek, 19:30etik aurrera. Jan-edana, emozioa, umorea eta ilusioa ez dira faltako, parte hartu!

Baina horrez gainera, Plateruenan nobedadeez beterik hasi dute ikasturte berria. Berbarako, urritik aurrera, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 11:30ak arte gosariak eskaintzen hasi dira: tostadak, pintxoak, bizkotxoa, croissantak, zukuak, kafeak... Halaber, igandetan ere menu bereziak eskaintzen hasi dira, www.plateruena.eus webgunean ikus daitezke eskuragai dauden menu ezberdinak. Tripazorriak dantzan izanez gero, badaukazu nora jo! On egin!

PLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMIT